Hemeroteka
BIOGRAFIAK
Gazte literatura
Erosi : 12,20 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-9783-525-1
Urtea: 2007

WOODY ALLEN - BIZITZA KONTRAKO EZTARRITIK

KOLDO GOITIA
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
Elkar argitaletxeak Woody Allen zinema zuzendari estatubatuarraren biografia kaleratu berri du. Hainbat pertsonaia ospetsuen bizitzak bildu dituen biografia bilduma honetan, oraindik gure artean eta lanean etengabe diharduen gizon bati lekua egiten zaion estreinako aldia da hau. Koldo Goitia kazetariak burutu duen idazlan laburrean laster 72 urte beteko dituen New Yorkeko artista polifazetikoaren bizitza, pentsamendua, komunikabideetan eskainitako adierazpenak eta hainbat zurrumurru jaso ditu, dagoeneko XX. mendeko komiko handienetako baten profil ahalik eta zehatzena eskaintzeko asmoz.  

Biografia labur honen helburua Woody Allenen jarraitzaileei datu esanguratsuenak eskaini eta pertsonaiaren alderik ezkutuenak argitzea baino ez da, beti ere estilo arin eta dibertigarriaz. Dena dela, informe polizial baten antza izan dezakeen xehetasun pilaketa alde batera utzirik, Woody Allenen izaera ez hain ezaguna islatzeko saioa ere bada. Komiko newyorkdarraren inguruan sortu den sortzaile neurotiko, xelebre eta berritsuaren topikoek zerikusi gehiago dute Woody Allenek interpretatzen dituen paperekin ia atsedenik gabe lanean aritzen den gidoilari eta zuzendari metodikoarekin baino. 

Zuzendariaren bizitzaz ez da asko argitaratu oraindik, eta horrezaz aparte, Woody Allen bera ere ez da komunikabideen aurrean adierazpenak egitearen oso aldeko. Newyorkdarraren inguruan idatzi den lanik serioena Eric Lax kazetari kanadarrak burutu zuen 1991 aldera; oso lan bikaina izan arren, zaharkitua geratu da dagoeneko eta datu gehiegi ere eskaintzen irakurle arruntari.

Biografia labur honetan, gainera, Woody Allenen zinemagintzari, lan egiteko moduari, arreta berezia eskaini zaio: newyorkdarrak zergatik izan duen “film handi bat” egiteko obsesioa. zergatik dion horrenbesteko beldurra arrakastari, filma egiterakoan produkzio osoa kontrolpean edukitzeko duen joera ia-ia tiranikoa, aktoreak aukeratzeko erakutsi duen abilezia eta antzezleen artean Woody Allenen aginduetara lan egiteko dagoen grina...

Woody Allen inguruan nahiz milaka kilometroetara duen jendearengan oso sentimendu bitxiak eragiteko gai da: emakumeen artean izugarrizko arrakasta du, teologo ugari daude bere jarraitzaileen artean, oratoriaren arau guztiak hankaz gora jartzen dituen arren, berak idatzitako elkarrizketek ikuslea harrapatu, txunditu eta bizitza modernoaren absurdoan berehala murgiltzen dute. Umore beltza, ironia fina, ateraldi krudelak edota XX. mendearen hasierako umore primitiboa (tarta-borrokak, zaplaztakoak eta ezbeharrak) maisutasun osoz erabiltzen ditu newyorkdarrak.

Ondorio gisa, Woody Allen gaur egungo gizakiaren kezkak, neurosiak, maitasun-kontu aldrebestuak eta ezertarako astirik eza islatzeko ahaleginean garaile atera dela esan dezakegu, berari ere bizitza kontra eztarritik joan zaiola aitortzen digu, zertaz ari den ondotxo dakiela. Filosofia berezia da Woody Allenen zereginean antzeman daitekeena: inguruan duena aztertzeko trebezia, jakinduria berezia, erakusten digu. Umorea anestesia gisa darabil: bizitzaren alderik gordinena agerian uzten du, mina eta ezinegona barreari esker baretuz, baina lokartzea eragotziz; “ez zaitez deprimitu, hartu heriotza gastuak zeharo murrizteko metodo eraginkorra bailitzan”, dio. Azken finean filosofo arruntak umorerik gabeko umoristak baino ez dira.


KOLDO GOITIA
Koldo Goitia (Beasain, 1969). Kazetaritzan lizentziatua, Euskaldunon Egunkarian eta Ostiela! fantzinean aritua. Hainbat lanbidetan zaildua: udal langilea, erakusketa gidaria, liburu saltzailea, basomutila...

Gaur egun kultur eragile gisa dihardu, eta ETBko Kalaka saioan kolaboratzen du.
 
Bere lanen artean ondoko hau aurki genezake: Woody Allen, bizitza kontrako eztarritik (2007, Elkar) 


(2007)


  • nortzuk
  • nobedadeak
  • katalogoa
  • ebooka
  • albisteak
  • agenda
  • bekak
  • material osagarria
  • zerbitzueditimg
Elkar Fundazioa