UDAZKENEKO KARABANA ERRATUA
KARLOS LINAZASORO IZAGIRRE
Informazio orokorra
Biografia
Bibliografia
Irailak bere zinzelaz denbora lantzen duen bitartean
nekazariek azken belar horituak jasotzen dituzte orgara.
Eskobareak belaze harrotu eta leienda zaharrak orrazten ditu
eta jainko ttikiek lur malkoak dituzte ahoan.
Matxakaranak hil egin dira sabelak odoleztaturik
eta arbolak eguberrirako apaingarririk gabe gelditu dira.
Bere zukuak mendi-muinoen ezkatak eta harkaitz bioleten
herdoilak zorabiatuko ditu gizaldi luzeetan egin duen lez.
Eta gu, irailaren magalean, hain beltza den elurraren
zain geldituko gara nostalgiaz beterik patrikak.
KARLOS LINAZASORO
Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziatua. Tolosako udal liburutegiko arduraduna da. Idazle nekaezina; ipuingintza eta poesia dira gehien landu dituen generoak. 2001. urtean "Euskadi Saria" irabazi zuen, haur eta gazte literatura sailean Bota gorriak izeneko ipuinarekin.