JOKIN ZAITEGI SARIKETA
 
 

JOKIN ZAITEGI SARIKETA

Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2016


Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, ondorengo oinarrien arabera:

1. 2016an Suediako Akademiak Bob dylan kantagile iparramerikarrrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Bob Dylanen 100 kantako sorta bat itzularaztea da.

2. Bilduma hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako hiru kanta hautatuak euskaratu beharko ditu, egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 9 amaituko da.

3. Itzuli beharreko lagina antolatzaileek jarriko dute parte hartzaileen esku. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan:

Deskargatu

4. Jon Basagurenek, Maialen Berastegik eta Iñigo Roquek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2017ko urtarrilaren amaiera baino lehen.

5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik izango ez balute, saria hutsik utzi ahalko litzateke. Horrela gertatuz gero, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

6. Irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko du Bob Dylan-en kantak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2017ko urtarrilaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

7. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Bob Dylan-en kantak euskaraz, eta Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

8. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako: liburuak@elkar.eus 943310267 edota aed@aedelkartea.eus 943771228