Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 28,00 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-794-5
Orrialde kopurua: 436
Neurriak: 21,5 x 14
Urtea: 2001
 

LAGUN IZOZTUA

JOSEBA SARRIONANDIA
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
  • Laburpena
Oroimena eta hitza galdu ditu Goiok, "izoztuta" geratu da Bluefieldsgo bere erbestean, eta hari laguntzera doa Maribel, errefuxiatuen postaria; Ekuadorrera eraman nahiko du sendatzera, han bizi baita paper faltsuekin Andoni, Goioren ikaskide izandakoa, baina bidaia ez da inondik ere erraza. Abiapuntu horrekin, hiru narrazio-hari josten dira kontrapuntuan: Maribelek Goioren gaixotasunaren eta laguntzen dien Urioste familiaren kronika egiten du, orainaldian; Andonik, berriz, 14 urte zituela Goiorekin batera Kalaportuko jesuitenean igarotako ikasturtea oroituko du; eta narratzaile orojakile batek geroaldian kontatu edo iragarriko digu nola Goio, sendatu ostean, Antarktikara doan espedizio zientifiko batean. Managuan, etxetik irten ezinik bizi da Armando "benetako izenez Josu", Maribelen senarra. Ogia egiten ari ez bada idazmakinaren aurrean ematen du eguna, tip tip tap tip top, itxuraz sekula amaitzen ez den nobela zirriborratzen. Bera dugu egiazki istorio hauen guztien asmatzailea: bera bezalako jendemodu deserrotua barrendik ezagutu nahi du, ez leku batean ez bestean bizi ezinaren esperientzian arakatu, denborak denoi egiten dizkigun zauri eta tolesdurak erakutsi, Maribelekiko maitasunaren itzaltzea esplikatu edo besterik ezean imajinatu. Gai, garai eta gertaleku ugariko eleberria dugu Lagun izoztua, baina, iceberg baten antzera, askoz gehiago da sujeritzen zaiguna, irakurlearen gogoan izotz blokeen moduan noraezean geratuko den sentipen, ideia eta irudien mundu irudimenezko eta hala ere erreala.


JOSEBA SARRIONANDIA

Joseba Sarrionandia Uribelarrea 1958an jaio zen Iurretan, eta 1985etik aurrera planetako bazter galduetan dabil, handik edo hemendik botiletan sarturiko mezuak bidaltzen dizkigula. Bere liburuen artean badira poema-sortak: Izuen gordelekuetan barrena (1981), Gartzelako poemak (1992) Hnuy illa nyha majah yahoo (1995); ipuin-bildumak: Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986), Ifar aldeko orduak (1990); saiakerak: Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), Hitzen ondoeza (1997); eleberriak: Lagun izoztua (2001), Kolosala izango da (2003).





[2011]
[2008]
[2003]
[2001]
[2001]
[1999]
[1999]
[1998]
[1998]
[1995]
[1990]
[1989]
[1989]

LAGUN IZOZTUA

Laguna izoztu egin da. Horixe irakurri dut gaur jaso dudan oharretako batean: Goio izoztu egin da. Ea albait arinen bisitatu ahal duzun.

Josean.

Beste oharrean, zera: Aizu, Maribel, zu zara karteroa? Gure postakutxa herdoilduta dago eta txorien habia da.

Tomas.

Baina ia denon buzoiak daude, aspaldidanik herdoilduta eta txorien habia eginda, animaliek arrautza erruteko edo umea hazteko hartuta. Lagun sakabanatuen artean gutun eta paketeak jaso eta albait arinen entregatzen ditut, gure herri urrunetik zer helduko zain beti ni ere, denok bezala. Tomasi telegrama bat bidaliko diot esanez gutunik ez datorrenean errua ez dela karteroarena. Izoztu, hitzez hitz, gorputz edo substantzia batek barruan duen ura gogortu arte hoztea da. Goio Bluefields alboan bizi da, Josean Prinzapolkan, itsasbazter atlantikoan baina iparralderago. Goio izoztu egin dela eta, auskalo zer adierazi nahi duen Joseanek izoztu horrekin. Goio bakarrik bizi da, ia hamalau urte darama erbesteratuta eta paper faltsuekin, Escondido izeneko ibai zabalak itsasoratzean sortzen dituen irletako batean, ohol hormak eta uralitazko teilatua dituen etxe umelean. Edozein lizundu, gaixotu edo ustelduko da hemen, eta denborarekin ia derrigorrez lizundu, gaixotu eta ustelduko gara denok, baina izoztu, ez dago inor izozteko moduko hotzik tropiko sargoriotan. Biharamunean arratseko bederatzietan bus estazioan nago: 70 kordoba ordaindu dut Managuatik El Ramara autobusa, 120 kordoba El Ramatik Bluefieldsera panga. Beste izen bakan batzuk irakurtzeko astia dut bus estazioko hormako mapan: Pearl Lagoon, Corn Island, Sandy Bay, Gray Town, Bragman’s Bluff. Autobuseko bidaia gauez da, hainbat herrixka bertan behera uzten ditugula, lo egiteko gonbita egiten duen izarrik gabeko zeruaren azpian. Goiznabarrean esnatu naiz, El Rama jadanik bertan dela. Autobusetik salto egin eta pangetara korrika joan gara denak. ‘Txele, txele, txele,’ diote txanberoek, ‘astunegia da zuretzat, neuk eramango dizut poltsa hori!’ Egurrezko moilatik pangara sartu eta ibaian behera goaz. Rio Escondido sugearen moduan jaisten da Miskitoen, eta Sumoen, eta Ramen kostarantz. Urak kafearen kolorea du, ibaiak lurra higatzen duelako eta abere industriaren kutsaduragatik. Gure panga jendez eta poltsaz beterik doa. Nire alboan, hiru oilo saskian, elkarren kontra, luma multzoa dardaraka, burua hegalpean gordeta, dandarra gora, uzki uzkurtu eta arrosa kolorekoak agerian. Noizean behin zuhaitz enborrak ikusten dira urazalean, eta dortoka maskorren bat ere bai. Erriberako arboletan ahate txantxoak eguzkitan lehortzen dira, eta han goian, bidexkatik, bi ume txiki doaz kolore urdin eta zuriko uniformearekin eskolara, berandu eta presarik gabe. Aurrerago, landare eta bananondoen artean, txoza pobreak. Goi urdinean zopiloteak errondan.


Oroimena eta hitza galdu ditu Goiok, “izoztuta” geratu da Bluefieldsgo bere erbestean, eta hari laguntzera doa Maribel, errefuxiatuen postaria; Ekuadorrera eraman nahiko du sendatzera, han bizi baita paper faltsuekin Andoni, Goioren ikaskide izandakoa, baina bidaia ez da inondik ere erraza.



  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria