Elkar albisteak iruditan

 

Xabier Gantzarainek irabazi du Tene Mujika beka

Xabier Gantzarain idazle eta arte-kritiko azkoitiarrak irabazi du aurtengo Tene beka, Euskal Herriko arte garaikidea eta historia lotzen dituen azterlana egiteko, halaxe erabaki baitu sariketako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osaturikoak).

Euskal arte modernoaz aritzean, berehala datozkigu burura Chillida, Oteiza, Zumeta eta beste zenbait izen; alabaina, artista asko sortu eta garatu da geroztik, eta horietako batzuk ospea eta itzala lortu dituzte, bai gure herrian bai atzerrian. Egileak berak azaltzen duen moduan: “Arteak badu, arte plastikoek badute, beste arteekin alderatuta, ahalmen izugarri bat, indar berezi bat: zeinuak dira, maila sinbolikoan lan egiten dute, ikono bihurtzen dira. Irudiekin egiten dute lan, hitzekin, edozerekin, eta batuketa horretatik geure garaiaren beste irakurketa bat sortzen da, mass-medietatik bestelakoa, oso bestelakoa, baina haiena bezain beharrezkoa. Iragan hurbila aztertzerakoan, hemerotekak miatzea bururatzen zaigu, gertaerak aztertzea, testigantzak jasotzea, eta bai, egin beharreko lana da hori, baina gure asmoa iraganari beste begi batzuekin begiratzea da: historiari artearen aldetik heltzea, eta arteari historiaren aldetik, eta Euskal Herriaren azken 60 urteetako historia arte plastikoetan nola jaso den aztertzea.”

Proiektua gauzatzerakoan aztertuko dituen artisten artean daude, besteak beste: Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Saioa Olmo, Juan Perez Agirregoikoa, Maider Lopez, Itziar Okariz, Txomin Badiola, Sergio Prego, Iñaki Garmendia, Oier Etxeberria…

Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Hauxe izan da sariaren orain arteko ibilbidea:

- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zena).

- II. urtean hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz.

- III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu zuen 2007an, eta 2009an kaleratu zen haren emaitza: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukera emanez, itxi ezin den ate bat edo itxi ezin den zauri bat bezala).

- IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria suertatu zen irabazle, eta hari esker atera zen Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioen historia).

- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zen, eta iaz kaleratuko zen haren liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagilerekin egindako elkarrizketa-liburua.

- VI. deialdian bikoiztu egin zen saria. Mikel Markez eta Pako Aristik elkarlanean aurkezturiko proiektua izan zen saridunetako bat: “Benito, plazer bat izan duk”, Benito Lertxundi kantariarekin urtetan egindako solasetan oinarrituta. Ainara Gorostitzuren “Aldamenekoa” egitasmoa da beste irabazlea, immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi diguna. Markez-Aristiren lana laster batean kaleratuko da, eta Gorostitzurena hilabete batzuk geroago.

Xabier Gantzarain Etxaniz (Azkoitia, 1975) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, eta Arte Garaikidearen Historian eta Ikusizko Kulturan Masterra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Artelekuko Zehar aldizkariaren editorea izan da, hainbat libururen egilea (Lisboa min, Van Gogh, bihotzean eguzkia, Epelde, mende baten soinua), eta komunikabide askotako kolaboratzailea (Euskadi Irratia, Nabarra, Berria).

 


  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria