Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 21,35 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-729-7
Orrialde kopurua: 232
Neurriak: 21,5 x 14
Urtea: 2001
 

EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN

XABIER ETXEBERRIA GARRO
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
27 urte bete berri ditu Tasio Ardanazek: ez lanik, ez neskarik, inoiz ezer taxuzkorik egin ez eta aspertua dago bizitzaz, ezertarako ilusiorik gabe. Egun batean, ordea, auto-istripu baten ondotik eraztun bat deskubrituko du hildakoaren eskuan, zer edo zer ezkutua sumatuko du hor, eta misterioa argitu nahian hasiko da. Detektibe-istorio hankazgoratu bat aurkituko du irakurleak nobela honetan, Miren izeneko tabernari baten maitasun eta bakardadezko kontakizun hunkigarria ere bai, gaurko gazteriaren erretratu zorrotz bat, epikatik eta topikoetatik ihes egiten duena, eta askoz gauza gehiago. Indartsu dator Etxeberria letren plazara, erregistro eta estilo ugari menderatuz: intriga, pertsonaien psikologia, amodio-kontuak, umore batzuetan beltz besteetan ironikoa... Hori dena, erritmo bizi eta idazkera arin batekin: esaldi laburrak, kaleko hiztegia, espresibitate handia... Hitz batean esanda, ezagutu beharreko idazlea.


XABIER ETXEBERRIA

(Zarautz, 1974). Enpresa Zientziak ikasitakoa da. Xabierrek eleberri bat atera du bakarka: Egun denak ez dira berdin. Bere anaiarekin batera, aldiz, haur eta gazteentzako hainbat liburu, eta eleberri: Pako Fakirra, Pako Fakirra eta zokomokordo, Itxoidazu Café de Passy-n eta Ez dadila eguzkia sartu





[2018]
[2015]
[2015]
[2012]
[2009]
[2008]
[2006]
[2006]
[2004]
[2002]
[2002]
[2001]

I. FASEA Michael Jackson, Marlene Dietrich eta beste hildako bat gehiago 1 MICHAEL JACKSON

Loak hartu ezinik dago beheko solairuko bizilagunaren kariloiak gauerdia aldarrikatu duenean. Dong-Dong. Dios. Berandu da. Handik sei ordu eta erdira jaiki behar duela kontuan hartuta batez ere. Eta halere esna dago oraindik. Begiak itxita, baina ernai. Gaur egiten duen beroak du errua neurri batean. Otsail hasiera izateko ezohikoa den tenperatura altua markatu du gaur termometroak izan ere. Kontuak kontu, goizean goizetik hego-haize harro batek astindu ditu bazterrak, hautsa begietara eta arropa izerdituak gorputzera itsatsaraziz. Tarteka euria egin du, eguerdi partean batez ere, baina ganora handirik gabe eta denek antsiaz espero zuten ekaitza lehertu gabe gautu da eguna, abuztu trajez mozorrotuta. Gora Euskadi Tropikala. Nahiz eta biluzik egon jira eta bira dabil ohean bada. Maindireak gainetik kendu ezinik. Aingira bat saretan bezala edo. Harrapatuta. Beroa du. Ezin du loak hartu. Alboko ohetik, baina, anaia gaztearen arnasots lasaia heltzen zaio. Txikitatik beldur apur bat sortu dion kariloiaren soinua entzun du orduan. Gauerdia. Egun berriaren hasiera ezartzen duen muga. Begiak ireki ditu. Jode. Komunera jaiki da. Pixa parrastada motz bat. Ia obligazioz bezala. Gero sukaldera joan da. Pasilloan isilik ibiltzen saiatuz, lapur baten gisan. Aldameneko gelan lotan daude gurasoak eta ez ditu esnatu nahi. Baso bat ur edan du. Iturrikoa. Eta leihora hurbildu da gero euriaren esperantzan, ea hodei arrastorik atzematen duen. Gauza ergel samarra hauxe. Gaua da izan ere. Gaua. Zerua nahi adina aztertuta ere ez da belztasuna baino ikusten. Izatez, bera bizi den auzune masiboki urbanizatuan izarrak ere ez dira sumatzen, farolen eta dendetako erakusleihoen argitasuna dela medio. Edozein modutara, hantxe geratu da une batez, leiho ertzean. Markoan bermatu da. Freskoago egiten du han. Nonbait, zakur batek zaunka egin du, gertu igarotzen den autopistako trafiko ia etengabearen aurka alferrik lehiatu nahian edo. Piztuta gelditu den telebista baten berriketa ere entzun daiteke. Barre ozenak pareko tabernan. Moto bat geratu da orduan kalearen bestaldean, eta badaezpada ere atzeratu egin da itzalen babesera. Ilunpetan gordeta, barregura pixka bat ere eman dio bere buruak, pareko etxebizitzako bizilagunen batek ikusi badu burutik zer pasa ote zaion pentsatzean. Gaueko hamabietan tipo bat leihotik larru gorritan zelatari. Perbertitu bat. Seguru. Baina enfin. Hobe sikira horrelako zerbait gertatu izan balitzaio. Kamisoi arin batez erdi estalitako emakumezko ederren bat pare-parean begira suertatu edo horrelakoren bat. Abentura bat. Nahiz eta lotsatzeko modukoa edota lizuna izan. Ez: hobeto esanda, batez ere lotsatzeko modukoa eta lizuna izanda. Bai, askoz hobea izango litzateke hori. Eta ez kariloi baten zaratak esnatzea gauerdian, hogeita zazpi urte betetzeko unean zure ardura guztiak euria egingo duen ala ez jakitera mugatu direla ohartzeko. Izan ere, urteak betetzen ditu gaur. Momentu honetantxe. Gauerdian. Zerbait berriaren muga ezartzen omen denean. Baina, kaka zaharra. Ze berri eta ze arraio, pentsatu du. Sekula ez da ezer berririk-eta, marketinaren arduradunek eta telebistako informatiboen aurkezleek aurkakoa esan arren. Hemen ez da ezberdina den zerbait kasualitatez ere gertatzen. Seguru antikonstituzionala eta guzti dela. Eta bere hogeita zazpi urte bete berrietan pentsatu du gogoz kontra ere. Azken urteetan, esate baterako, zer da bere bizitzan aldatu dena. Ezer ez. Ezertxo ere ez. Zero. Redios. Irribarre mingots batez bere buruari iseka egin dio, institutu garaian, ikasle ziztrin bat baino ez zela, zituen hainbeste eratako ametsez oroitzean. Orain dela asko zen hori ordea, egin du bere artean. Michael Jackson oraindik beltza zenean. Aspaldi. Aspaldiegi. Hainbeste denbora igarota ere ezer ez da aldatu baina, konturatu da. Irribarre egin du berriz. Baboago izanez gero, Tasio, Espainiako jeneral, bota dio bere buruari. Eta kariloiak, baiesteko, berriz jo du. Dong-Dong. Hamabi eta erdiak. Ordu erdi igaro al du ba han, sukaldeko leiho ondoan tontakerietan pentsatzen. Ohera. Bihar goiz jaiki behar du-eta. Baina, lehendabizi, hozkailura joan, erdi edanda duen Heineken botila hartu eta trago bat eman dio. Ez da txanpaina eta gainera ia gas guztia galdua du. Baina, ze arraio, bere urtebetetze eguna da azken finean eta nolabait ospatu behar du. Nahiz eta arrazoi argirik ez izan horretarako. Trago luze bat egin dio garagardoari. Bere buruari bizirik dirauela gogorarazteko behinik behin.





  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria