Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 15,80 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-728-0
Orrialde kopurua: 144
Neurriak: 21,5 x 14
Urtea: 2001
 

KORAPILOAK

JASONE OSORO IGARTUA
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
  • Laburpena
Zer da guk nahi gabe ere bizimodua korapilatzen digun sentimendua? Zein da pertsonen arteko katramila gehien sortzen dituen arrazoia? Zer da gorputzak lotzera bultzatzen gaituen zirrara goxoa? Deituiozu maitasuna nahi baduzu, deituiozu sexua bestela: izenak izen, horixe duzu, nonahi eta noiznahi, gure poz urrien eta buruhauste ugarien iturri nagusia. Hamazazpi ipuin eta beste horrenbeste poemaz osatutako liburua da Korapiloak; bertako pertsonaiak ere istorio batetik bestera igarotzen dira, haien arteko korapiloak sortuz eta kontakizuna aberastuz, eta irakurlearen esku geratuko da, azkenik, protagonisten arteko loturak argitzea eta maitasunaren puzzlea piezaz pieza osatzea. Egunerokotasun eta absurduaren artean mugitzen da Jasone Osoro liburu berri honetan, izenik ez duen hiri bateko jende anonimoaren geletan sartuz eta haien sekretuak argituz, irakurlearen begi harrituen aurrean. Ispiluaren bestaldean gu geu gaude ordea, norberaren bizitza ere korapiloz betetako soka luzea baita: askatzen den korapilo bakoitzeko biluziago geratzen gara, baina hurbilago dugu, era berean, desira ezkutuen ametsa.


JASONE OSORO

Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Kazetaria da lanbidez. Prentsan eta telebistan lan egin du. Helduentzako hainbat nobela eta ipuin-liburu idatzi ditu, horien artean azkena 12etan bermuta (Augustin Zubikarai Saria). Gazteentzat, berriz, Jara eta Ezekiel pertsonaien istorioak sortu ditu, milaka irakurleren estimazioa lortu dutenak.





[2018]
[2018]
[2017]
[2017]
[2015]
[2012]
[2009]
[2003]
[2001]
[1998]
[1998]

PUTA

Barra amerikar hartan sartu nintzen unean erabakita neukan Danielak egindako zauriaren mendekua hartu behar nuela. Bi urteko harremana moztu berri zuen Danielak. Beste mutil batengatik laga ninduen. Horregatik erabaki nuen berak hainbeste gorrotatzen zituen barra amerikar horietako batera joan eta nire desio eta fantasia guztiak emagaldu batekin betetzea. Ez nuen edozein neska nahi. Danielaren ahalik eta antzik handiena zuen emakumea behar nuen mendekua behar bezala betetzeko, eta sartu orduko zilarrezko begiak zituen beltzaranari keinu egin nion gertura zedin. Trago pare bat eta irribarre goxo bat besterik ez genituen behar izan. Logelara sartu bezain pronto, arropak bortizki kendu eta nire oinetara belaunikatzeko agindu nion. Hantxe, nire azpian ikusita, Danielaren gorputza aurrez aurre senti nezakeen: berak jarriko lituzkeen begiak, Danielaren bizkarra, beso argalak, bular esnetsuak... Neu ere makurtu nintzen eta hantxe bertan, lurrean, zoru hotzaren gainean larrutan egin genuen. Danielarekin izango balitz bezala, baina xamurtasunik gabe. Ezpainetan haginka eginez. Mingainarekin gorputza txistu lodiaz zikinduz. Neska haren azala atximurkatzen nuen bakoitzean, Danielak bihotzean sartu zidan arantza bat ateratzen nuela sentitzen nuen. Eta neskaren gorputzean nire pisu guztia jartzean, Danielak mesedez gainetik kentzeko esaten zidala gogoratu eta are gehiago disfrutatzen nuen. Behin, Daniela nire etengabeko laguntza behar zuen zerria zela egin nuen amets. Neuk ematen niola jaten. Neuk garbitzen ez banuen zikinetan lo egiten zuen zerria. Nik kasurik eta mimorik egiten ez banion egun osoa kurrinka eta negarrez ematen zuen zerria. Nire zerria. Gau hartako putak Danielaren antza zeukan, eta, nire azpian ikusita, bere azalaren kolorea arrosa zela iruditzen zitzaidan. Kurrin egiteko agindu nion neskari. Nire ametsa errealitate bihurtu zen eta zikinkeria, bortizkeria eta kurrinka artean bi ordu pasata, mesanotxean zegoen dortokaren ondoan emagalduak eskatutako diruaren bikoitza lagata, berritua atera nintzen barra amerikarretik.

PATXULI USAINA

Patxuli usainagatik igarri nizun putetxean izan zinela. Eta oheratzean masailean musu eman zenidalako. Lixibaz zulatutako izarak, narrioz betetako sabaia, moketaz forratutako lurra, argi gorria, puta merkea. Gorbata kentzen ikusi zintudan, almidoiz plantxatutako alkandora askatzen, lotsatzen zaituen orbaina ezkutatzen. Soinekorik dotoreena jantzi nuen, perfumez eginiko zopa edan nuen, ilea askatu, karmina ezpainetan akabatu nuen eta kalera atera nintzen, mudantza egingo zidan kamioiaren bila, nire bihotzeko palaziora altzari berriak ekarriko zituen tranbia. Heriotzaren samina tiritaz sendatzera.


Hamazazpi ipuin eta beste horrenbeste poemaz osatutako liburua da Korapiloak; bertako pertsonaiak ere istorio batetik bestera igarotzen dira, haien arteko korapiloak sortuz eta kontakizuna aberastuz, eta irakurlearen esku geratuko da, azkenik, protagonisten arteko loturak argitzea eta maitasunaren puzzlea piezaz pieza osatzea.



  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria