Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 21,40 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-592-7
Orrialde kopurua: 244
Neurriak: 21 x 12,5
Urtea: 2000
 

CONNEMARA GURE BIHOTZETAN

JULEN GABIRIA LARA
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
  • Laburpena
Txemak galdu egin du bere betiko neska-laguna, Eider, auto-istripu batean. Hura ahaztu nahi eta ezinik dabilela, Eiderrek aurreko urtean Irlandara egindako bidaiaren egunkari bat topatuko du Txemak, klabe sekretuz babesturiko disketean. Eiderren arimarekin bat egiteko eta ondoren betiko ahazteko asmoz, bidaia hori bera berregitea pentsatu du Txemak, eta Irlanda mitiko horren bila abiatzen da, disketea poltsikoan, zer topatuko duen jakin gabe. Oso erromantikoa da abiapuntua, baina kontuz, ezer ez baita lehen begiratuan dirudiena. Ustekabe ugari ditu Txemak zain, eta irakurleak irribarrez deskubrituko ditu bideko sorpresa horiek guztiak. Izan ere, itxura sinple eta sentimental baten azpian ezkutatu du Gabiriak bere gaiztakeria: hain da kokoloa Txema hori, hain da naif-a Eiderren egunkaria; maila desberdineko irakurketak uzten dizkigu egileak: berehalakoa, zuzen-zuzen eta erraza, edo sujerentziaren bidez erdi estalian doana bestela, sinbolismoz beteriko ipuin ederrak barne. Gazte batzuen abenturen nobela duzu esku artean, gazte batek idatzia; maitasunari buruzko eleberria ere bai, mezu ironiko bezain anbiguoa duena; Irlandan zehar egindako bidaiaren kronika ere aurkituko duzu, turistarentzako amu guztiak bertan dituela: bai Connemarako ikuspegi miresgarriak, bai IRA bera; labur esanda, idazlan fresko, arin, atsegin eta mamitsua, egile ausart baten lehen fruitu heldua.


JULEN GABIRIA

Galdakaon jaioa 1973an, Soziologian lizentziatua da, Enpresa Zientzietan diplomatua eta itzultzailea Labayru Ikastegian. Itzulpengintza literarioko eskolak ematen ditu, eta literatur tailerrak. Literatura Unibertsala sailean Peter Pan itzuli du, baita Shakespeareren sonetoetan oinarritutako Love antzerki obra ere ingelesetik. Telebistako gidoilari lanetan aritu da. Ipuin bilduma kolektiboetan hartu du parte, eta bi nobela idatzi ditu: Connemara gure bihotzetan, Zazpi Kale Saria lortu zuena 2001ean, eta Han gotik itsasoa ikusten da. Komunikabide askotan idazten du.





[2011]
[2005]
[2004]
[2001]
[2000]

EUSKAL HERRIA

Esnatzerakoan mingainaren zapore garraztuarekin egin zuen topo, eta behin eta berriz igurtzi zuen aho-sabai partean iragan gaueko alkoholaz estalirik segitzen zuen trapu likits hura. “Agg... ez zirudien ba, hainbeste edan nuenik ere”, baina bai, Santiago kalea luze samarra ere bada, eta gainera bere luzeraren erdia tabernek betetzen dute. Eta espaloi bietan gainera. Jabi etorri zitzaion burura, berak ere mingaina trapututa ote zuen edo, arratsaldeko seietatik gauerdi ingurura arte –edanean lagun eta penak entzuten fidel– bere alboan egon zen adiskidearekin oroiturik. Azkenean zertarako... Esana zion, bai, Jabiri, ahalegin horrek ez zuela ezertarako balio: edan, edango zutela, eta ahal zen heinean arazoak ahaztu ere bai. Eta hitz egin ere nahikoa eta aukeran, baina horrek ez zuela Txemaren eguneroko tristura lausotuko, ezpada alderantziz, zeren pena hori eragiten zioten oroipenak izan baitziren hizpide garagardoz betetako arratsaldean, eta modu horretan Eiderren irudia berritu eta berpiztu baino ez zutela egiten. Esana zion Jabiri, eta honek ulertu ziur aski, baina Txema zen berbetan jo eta dale ibiltzeko beharra zuena. Ahaztu nahian gogoratu beharra, alegia. Eta orain, tabakoaren hatsa itsatsirik zuten maindire artean erdi itzarrik, mingaina trapu bihurturik zuen eta aho-sabaian igurtzitzean garagardoarena baino gehiago kaka ustelarena izan zitekeen zaporea hartzen zion bere listuari. Eta okerrena zena, Eider, Eider, Eider, Eider... Zerbaitetan behintzat asmatu zuen: Jabi gorputz ezagun baten ondoan esnatu zen, hura ere burukominak jota seguruenik, baina eskua Tereren izter beroen aterpean, eta arnasa pausatua bere neskalagunaren ile adatsen korapiloetan sartu eta galtzen zitzaiolarik. Behintzat. Jabik eta Terek hamar urteko bikote bizitza zeramaten; azken laurak, gainera, bien artean erositako pisuan pasatuak. Txemak inbidiaz begiratzen zion Jabiri. Eta ez zen gorputz emearen (gaueko aberri arrotzaren) herrimina sentitzen zuelako, larrua larruaren aurkako jolasarekin gogoratu eta haren egarri zelako. Ez zen hori. Laguna tabernan baino ez topatzeak, horrek ematen zion ikara: garagardoz blai eta “penak ahaztu” oihuka musika ozenaren artean. Lagunen aholkuak entzutea eta horretan oinarritzea bere esperantza bakarra. Ikara ematen zion aurrerantzean entzungo zituen aupada guztiak “ea ba, gizona, Eider burutik kentzen ere hasi beharko duzu, ezta?”, eta holakoak izateak. Hori esatera iristen den lagunak uste baino arinago gaineratuko baitu: “adibidez, izkinan dagoen ilehoria. Ez dizkizu begiak gainetik kentzen, barren! Ez didazu esango zorionekoa ez zarenik...” Eta horren aurrean erraza da isilik geratu eta beste sanmigel bati ekitea. Baina gero etxean datoz komeriak, ohera sartu aurretik Eider gau batez ordezkatzeko zorian egon zitekeen ilehori horren omenezko kanpai jotzearekin. Azken hilabetean behin gertatu zitzaion Txemari, oraindik istripuarena guztien memorian fresko zegoela, zenbait begirada gurutzatu zitzaiola tabernari gazte batekin. Eta beharbada ez zen aukerarik egongo bizitza errealean. Baina Txemak, komuneko bizitza irrealean, bereganatu egin zuen tabernari polita, eta ohean etzanda irudikatu zuen aurpegirik gabeko begirada hura. Baina saiatu zen arren, imajinazioak neskaren jarrerak aldatu zituen arren (ipurdiz gora, hankak guraize bat baino irekiago...), plazerrezko kexuak sortzen ahalegindu zen arren, zakila gora eta behera leun eta gogor erabili zuen arren, mina baino ez zion eman saiatze horrek. Izan ere, ez baita guztiz egia aurpegirik gabeko begirada bat zenik. Eiderrena zuen aurpegia, eta ohe hutsera bueltatu zituen pausoak, zakil ezin hustua eta oroipenak, betiereko oroipenak.


Txemak galdu egin du bere betiko neska-laguna, Eider, auto-istripu batean. Hura ahaztu nahi eta ezinik dabilela, Eiderrek aurreko urtean Irlandara egindako bidaiaren egunkari bat topatuko du Txemak, klabe sekretuz babesturiko disketean. Eiderren arimarekin bat egiteko eta ondoren betiko ahazteko asmoz, bidaia hori bera berregitea pentsatu du Txemak, eta Irlanda mitiko horren bila abiatzen da, disketa poltsikoan, zer topatuko duen jakin gabe.



  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria