Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 18,15 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-063-2
Orrialde kopurua: 172
Neurriak: 21 X 12,5
Urtea: 1998
 

TENTAZIOAK

JASONE OSORO IGARTUA
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
  • Laburpena
Ipuin bilduma bat da Tentazioak, 25 istorio labur biltzen dituena. Gaia, mundua bera bezain antzinakoa: maitasuna, sexua, gizon-emakumeen artean sortzen diren sentimendu, korapilo eta ezin ulertuak; betidanikoa, eta aldi berean guztiz berria, egunero deskubritzen duguna, ustekabean bere sareetan harrapatzen gaituena. Patxi Ezkiagak hitzaurrean dioen legez, idazle gazte honen istorioak bizitzaren arriskuez, zirraraz, misterioz eta ahalbidez gainezka daude (...) konfesaezinak zaizkigun gure ezkutuko irudien aurrean, unetxo batez bederen, jar gaitezen. Idazkera, berriz, arina eta jostalaria du; hizkuntza erraz eta gozoa darabil, baina aldi berean landua, esan nahi duena zehatz esateko balio diona; sujerentzia erabiltzen du uneoro Jasone Osorok, erdi-esanak eta esan gabe ulertu behar direnak; badu malezi punttu bat, badu erotismo ukitu bat ere pasarte askotan, irakurlea aztoratu edo erakarriko duena. Oharkabean pasatzen dira sarritan idazle berrien lehen obrak. Zinez uste eta espero dugu kasu honetan ez dela halakorik gertatuko, liburuaren kalitateak eta gaiaren interesak jendearen arreta erakarriko dutela. Esaera zahar batek dioen moduan, bertan erortzeko omen dira tentazioak. On egin diezazuela erorketak.


JASONE OSORO

Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Kazetaria da lanbidez. Prentsan eta telebistan lan egin du. Helduentzako hainbat nobela eta ipuin-liburu idatzi ditu, horien artean azkena 12etan bermuta (Augustin Zubikarai Saria). Gazteentzat, berriz, Jara eta Ezekiel pertsonaien istorioak sortu ditu, milaka irakurleren estimazioa lortu dutenak.





[2018]
[2018]
[2017]
[2017]
[2015]
[2012]
[2009]
[2003]
[2001]
[1998]
[1998]
—Egingo al dugu? —Ez daukat gogorik —Hilekoarekin zaude? —Ez, oraindik ez. —Orduan? —Ez daukadala gogorik, eta kitto. —Azken aldian beti gauza bera esaten didazu. —Egia da eta. Gaur, ez daukat, gogorik. —Ba nik bai. —Baina badakizu batek nahi ez badu, bik ezin dutela eztabaidatu. —Gaurkoan zein da arrazoia? —Ez dago arrazoirik, maitea. Gogo falta, besterik ez. —Zuri zerbait gertatzen zaizu. —Ez zaitez hasi. Nekatuta nago. —Ez nauzu maite? —Baieeeeetz. —Ez, ez da egia. —Egia dela! —Orduan, ez zaitut erakartzen. —Nekatuta nagoela eta ez dudala gogorik. Ez da beste ezer gertatzen. —Norbait ezagutu al duzu? —Zertaz ari zara? Azken asteotan mila bider errepikatu didazu gauza bera. —Ni baino hobea al da? —Ez esan tontakeriarik! —Banekien lehenago edo beranduago gertatuko zela. Nitaz aspertuko zinela eta utzi egingo ninduzula. —Ez al zara nekatzen beti horrelako tontakeriak esateaz? Ezin al duzu ulertu gogorik ez izateak ez duela zertan gure artekoaren amaiera esan nahi? —Ez da posible. Beti dago arrazoiren bat. —Eta nork esan dizu zuri hori? —Nik badakit horrela dela. Gauza guztiek dute beren arrazoia. Eta gurea bezalako bikote batek horrenbeste urte daramanean elkarrekin, gogo faltak hiru arrazoi hauetako bat izaten du: monotonia, maitasun falta edo hirugarren pertsona bat sartu dela bikotean. —Nekatuta naukazu! —Ikusten? Arrazoi nuen. Aspertu egin zara nitaz. —Aspertzen ari naiz, bai. —Ondo ezagutzen zaitut, laztana. —Ba begira, ez. Ez nauzu ondo ezagutzen, ezen bestela aspaldi isilduko baitzinen. —Zer, egiek min egiten dute, ez? —Mina zure hitzek egiten dute, iltzeak dirudite, etengabean nire belarriak zulatzen! —Berehala igarri dizut. Ez pentsa ni engaina nazakezunik. Aspaldian antzeman nizun beste norbaitekin abenturaren bat zenuela. Ile orrazkera berria, kolonia berria, gona motzak, jertse estuak... Ez naiz atzo jaioa, laztana. Ondotxo ezagutzen zaitut. —Zaude isilik, mesedez! Ez dakizu zer ari zaren esaten! —Gauean sekula baino beranduago etxeratzen, afari bereziak ia egunero, telefono dei arraroak, erbestetik iritsitako eskutitzak... —Zoratzen hasi zara! Itotzen ari naiz! Gauzak bere onetik ateratzen ari zara. Zuk zeuk erositako arropa berria jantzi dut aspaldian, usaindu duzuna zure amak urtebetetzean oparitutako kolonia da, ezagutu ninduzunean bazenekien lanagatik afari asko izango nituela, Madrilgo anaiak aspalditxo bidaltzen dizkit eskutitzak eta, eta... Baina, zertan ari naiz? —Ez dizut sinesten, maitea. Ez dizut sinesten. Emakumeek gaitasun handia duzue abenturak isilean mantentzeko. Baina ni ez naiz engainaturik bizi diren senar inozoen zakuan sartuko. Ez horixe! Nik badakit engainatu egiten nauzula. —Ezin dut gehiago. Bihar goiz jaiki behar dut, lotara noa. Emakumeak sofatik altxatu eta alde egin zuen. Senarra telebistari begira geratu zen eta, emaztea logelako atea ixten sentitu zuenean, sofa azpian ezkutatua zuen egunkaria atera zuen. Artikulu interesgarri batean esperientziadun detektibe batek abenturak izaten ari ziren pertsonei buruzko pistak ematen zituen. Senarrak hamargarren aldiz irakurri zuen artikulua. Detektibeak zioenez, engainatzen ari diren pertsonek salaketa guztiak ukatu egiten dituzte. —Baina ni ez nau engainatuko!


Ipuin bilduma bat da Tentazioak, 25 istorio labur biltzen dituena. Gaia, mundua bera bezain antzinakoa: maitasuna, sexua, gizon-emakumeen artean sortzen diren sentimendu, korapilo eta ezin ulertuak; betidanikoa, eta aldi berean guztiz berria, egunero deskubritzen duguna, ustekabean bere sareetan harrapatzen gaituena. Patxi Ezkiagak hitzaurrean dioen legez, idazle gazte honen istorioak bizitzaren arriskuez, zirraraz, misterioz eta ahalbidez gainezka daude (...) konfesaezinak zaizkigun gure ezkutuko irudien aurrean, unetxo batez bederen, jar gaitezen. Idazkera, berriz, arina eta jostalaria du; hizkuntza erraz eta gozoa darabil, baina aldi berean landua, esan nahi duena zehatz esateko balio diona; sujerentzia erabiltzen du uneoro Jasone Osorok, erdi-esanak eta esan gabe ulertu behar direnak; badu malezi punttu bat, badu erotismo ukitu bat ere pasarte askotan, irakurlea aztoratu edo erakarriko duena. Oharkabean pasatzen dira sarritan idazle berrien lehen obrak. Zinez uste eta espero dugu kasu honetan ez dela halakorik gertatuko, liburuaren kalitateak eta gaiaren interesak jendearen arreta erakarriko dutela. Esaera zahar batek dioen moduan, bertan erortzeko omen dira tentazioak. On egin diezazuela erorketak.



  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria