Hemeroteka
LITERATURA
Helduen literatura
Erosi : 21,00 €

Datu teknikoak
ISBN: 978-84-8331-580-4
Orrialde kopurua: 256
Neurriak: 21 x 12,5
Urtea: 1999
 

BERRIRO IGO NAUZU

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI
  • Informazio orokorra
  • Biografia
  • Bibliografia
  • Liburuaren pasartea
  • Laburpena
Itzuli da. Etxera dator presoa, Espainiako kartzeletan ia hemezortzi urteko zigorra osorik bete ondoren. Gurasoak besarkatzea, lagunekin topatzea, ongi-etorriko ekitaldiak… uholdeka datozkio sentipenak eta oroitzapenak lehenbiziko egun horietan, eta presoak ere sentimenduz gainezka dauka bere barrena, elkarren kontra talkaka borrokan: poza eta amorrua, samurtasuna eta zakarkeria, bizinahia eta nekea, porrota eta biziraupena… Euskal Herriko egoeraz nekez idatz zitekeen hau bezain nobela dibertigarria eta aldi berean tristea. Ausardiaz eutsi dio Mendigurenek erronkari, gaia berez eskuak erretzeko modukoa den arren. Emaitza, berriz, irakurtzen hasiz gero utzi ezingo duzun eleberria, orriz orri irribarrez edukiko zaituena baina umore horren azpitik samintasunezko kutsu bat ere itsasten ahal dizuna bihotzaren zolan. Liburu irakurterraza eta era berean irakurleari zer pentsatua eman nahi diona izateak kontraesana dirudi, baina gure errealitatea dago, berez, kontraesanez betea.


XABIER MENDIGUREN

Donostian 1964an jaioa den arren bizitza osoa Beasainen daraman idazle honek bi filologia lizentziatura dauzka, euskaran eta hispanikoan. Lanbidez editorea Elkar argitaletxean, gazte nahiz helduentzako literatur arduraduna da.

Bere sormen lanean ia genero guztiak landu ditu, haur edo gazte literatura, ipuingintza, nobela edota antzerkia, azken hau 90. hamarkadatik utzia baldin badauka ere. Idazle oparoa, urtero irakurleei hutsik egiten ez diena, sariek ere ugari bisitatu dute bera, besteak beste Lizardi, Toribio Altzaga edota Donostia Hiria sariak lortuz.
 
Bere lanen artean: Karakolaren barruan (2005, Elkar); Bihotz gosetien kluba (2005, Elkar); Karabana batean bizi naiz (2006, Elkar); Arima enkoniatuak (2006, Elkar); Lierni eta Marrokoa (2007, Elkar);Elvis hil zen urtean (2007, Elkar); Miss txatarra (2007, Elkar); Tatuaje bat daukat, eta zer? (2008, Elkar); Itsasoko loti ederra (2009, Elkar); Joxemeren asmazioak (2009, Elkar), Vikingoen sorterrira (2010, Elka), Hiru triku, hiru truku (2010), Buelta bat aitontxuarekin (2010, Elkar), Sakoneta (2011, Elkar), Motozerra (2011, Elkar), Pobreak gara eta zer? (2012, Elkar), Kulerozahar (2012, Elkar), Printzesa txisontzia (2014, Elkar).





[2018]
[2018]
[2017]
[2017]
[2016]
[2015]
[2015]
[2014]
[2014]
[2012]
[2012]
[2011]
[2011]
[2011]
[2010]
[2010]
[2010]
[2010]
[2009]
[2009]
[2008]
[2007]
[2007]
[2007]
[2006]
[2006]
[2005]
[2005]
[2004]
[2003]
[2002]
[2001]
[2001]
[2000]
[1999]
[1999]
[1998]
[1998]
[1998]
[1998]
[1998]
[1998]
[1998]
[1998]
[1997]
[1996]
[1995]
[1993]
[1992]

Ostegun arratsa ITZULERA HERRENA Etxeruntz, etxeruntz gizon bat dihoa etxeruntz J.C. Perez

1995eko urriaren 5a da, osteguna, arratseko zazpiak aurki jotzeko eta Beasaindik Ordiziara bitarteko tunela pasatzen ari zara Cadizko matrikulako Seat 127 zahar batean; handik atera bezain laster kontrako norabidean datorkizun kamioizale batek argi luzeekin egin dizu keinada bat, baina jakinaren gainean zaude dagoeneko, faroetako batek ez duela argi egiten eta besteak ozta-ozta. Horrexegatik egin duzu egunez orain arteko bidea, ilunabarretik egunsentira edozein bide-bazterretan geldituta, baina orain iluntzen hasi eta geroz eta gutxiago ikusten duzun arren ezin zara geratu, ezin duzu kotxea gelditu horren gutxi falta izanda, zure bidearen helburua ia-ia ukitzeko bezain gertu daukazula... Bat-batean, zure eskuinean Txindokiren errainu erraldoia sumatu duzu, zure haurtzaroko Ñañarri zaharraren itzal iluna; bihotz-zartada gorabehera, bolanteak ez dizu dardararik egin esku artean eta zirkinik egin gabe segitu duzu aurrera, azeleragailuari pixka bat sakatuz, presaren zimikoak kosk eginda bezala, gutxi falta da eta, oso gutxi. Hala ere, inguruaren hurbiltasuna sumatu arren, ezezaguna zaizu bide berria. Askotan kontatu dizute honen berri, non egin zituzten tunelak eta non betelanak, baina nondik norakoari antzeman ezinik zoaz halere, eta, halako batean, Legorretara ateratzeko bidegurutzea jo eta pasa egin duzula konturatu zara. Hortxe bertan maniobra egin eta atzera jotzekotan egon zara, baina ezkerretik aurreratzen ari zitzaizun trailertzarrak ia-ia zapaldu zaitu jiratzen hasi zaren orduko. Bozinakada ozen eta luzeak atera zaitu zure durduzamendu sorgor horretatik: “Mooooooooook...” “Ostia... Ederra izango zuan, honaino iritsi eta kamioi batek txiki-txiki egitea...” Berriz ere zeure onera etorrita, bidean aurrera segitu duzu, hurrengo bidegurutzearen zain, zentzu eta sentimen guztiak errepideetako seinaleetan erne izaten saiatuz, begiak nahi gabe obretako zubi eta mendi ebakietara joaten bazaizkizu ere. Zazpiak pasatu berriak eta arrastiriko iluntxintan ez dago erraza bideko marra txuriei behar bezala erreparatzea ere, baina halako batean, tunel koxkor batetik aterata maldan behera txiki baten amaieran gasolindegi bateko argiak ikusi dituzu, eta haren ondoan bidegurutzea, Ikaztegieta dioena. Seinalea euskaraz ikustea egin zaizu deigarria. Orain artean nola edo hala mendean izan dituzun oroitzapenek trumilka eraso dizute Cadizko matrikulako 127 zaharrak Ikaztegietako bide zaharra hartu bezain laster. Uxatu egin nahiko zenituzke baina gogorapenen mekanismoa makina bat bezalakoa da, martxan jarri ostean geldiarazi ezinezkoa. Zu ere gelditu gabe pasatu zara Ikaztegietatik. Etxe berri batzuk bai baina gainerakoan ez diozu alde handirik sumatu eta horrek poztu egin zaitu, dena berri ikusteak arrotzago egingo zaituen beldurrez. Bidea ere gero eta ilunago dago. Orain dela astebete garaitsu honetan oraindik argi zegoen baina asteburuan aldatu berri dute ordua eta kontuz ibili behar. Eskerrak hemen trafiko gutxi dabilen.


Itzuli da. Etxera dator presoa, Espainiako kartzeletan ia hemezortzi urteko zigorra osorik bete ondoren. Gurasoak besarkatzea, lagunekin topatzea, ongi-etorriko ekitaldiak… uholdeka datozkio sentipenak eta oroitzapenak lehenbiziko egun horietan, eta presoak ere sentimenduz gainezka dauka bere barrena, elkarren kontra talkaka borrokan: poza eta amorrua, samurtasuna eta zakarkeria, bizinahia eta nekea, porrota eta biziraupena… Euskal Herriko egoeraz nekez idatz zitekeen hau bezain nobela dibertigarria eta aldi berean tristea. Ausardiaz eutsi dio Mendigurenek erronkari, gaia berez eskuak erretzeko modukoa den arren. Emaitza, berriz, irakurtzen hasiz gero utzi ezingo duzun eleberria, orriz orri irribarrez edukiko zaituena baina umore horren azpitik samintasunezko kutsu bat ere itsasten ahal dizuna bihotzaren zolan. Liburu irakurterraza eta era berean irakurleari zer pentsatua eman nahi diona izateak kontraesana dirudi, baina gure errealitatea dago, berez, kontraesanez betea.



  • norgara
  • albisteak
  • agenda
Elkar Fundazioa




Bai Euskarari Ziurtagiria